
Zumaia naturaz blai!
Zumaiako kostalde harritsua ezaguna da mundu osoan Flyschak gordetzen duen historia erregistro izugarria dela eta. Zumaiako kostaldea hareatsuan, gizakiaren eragina nabarmena izan den arren, hainbat ingurune natural berezi daude: landaretza estaldura oparoa duten hondartzako dunak, hainbat hegazti migratzaileen atsendenleku bihurtu diren padurak, Urola ibaia eta artadia.
……………………………………………
Zumaiako naturguneak.
Zumaia Gipuzkoa mendebaldeko kostaldean kokatzen da, Urola ibaiaren itsasoratzean. Herria mendi berdeez eta itsaso urdinez inguratuta dago. Itsasoaren indarrek etengabe moldeatzen dute itsasertza, eta parekorik ez duen labar eta harralde ikusgarriez osaturiko paisaia eratzen dute. Geologia-altxor horrez gain, Bizkaiko golkoko zenbait eraketa eta ekosistema aipagarri biltzen ditu Zumaiak. Esate baterako, Deba eta Zumaia arteko marearteko zabalgune ikusgarria -Biotopo Babestua izendatua- eta Urola itsasadarreko Batasuneko Garrantzizko Lekua.
1-DUNAK:
Landare urriko harea metaketak dira duna higikorrak edo migratzaileak, eta Santiago hondartzaren goiko aldean ikus ditzakegu. Bertako landareek moldaerak garatu behar izan dituzte bizi baldintza gogorren aurrean: hala nola, haizea eta olatuen eragina, gazitasuna edota lurzoruaren ezegonkortasuna. Hauen atzean duna gris edo estatikoak ageri dira, landareen komunitate garatu batez estalita.
2-ARTADI KANTAURIARRA:
Itsasadarraren eskuinaldean, klima mediterranearrago batean ohikoa izaten den basoa aurkitzen dugu. Artadi kantauriarrak malda handiko hegalak estaltzen ditu, kareharrizko sustratuetan finkatzen diren baso itxiak eratuz, eta hegazti nahiz ugaztun askoren bizilekua da.
3-PADURA:
Urola itsasadarrean daude Santiago eta Beduako padurak. Mareen dinamikak eta ibaiaren ekarpenek ekosistema honen bizidunak baldintzaten dituzte, eta bertan finkatu dira era askotako komunitate faunistiko eta botanikoak, hala nola, hegazti migratzaile ugari.
4-HARRALDEA ETA LABARRAK:
Historia liburu erraldoi bateko orrien antzera, gure itsasertzeko labarretan pilatutako ehunka harri xaflak eratzen dute Zumaiako Flyscha, geologiaren ikuspuntutik, mundu mailako erreferentzia dena. Deba eta Zumaia arteko kostalerroak osatzen duen marearteko zabalguneak oso ekosistema aberatsa du eta Europako handienetarikoa da.
5-UROLA IBAIA:
Aizkorriren magalean jaio eta 60 km-ko ibilbidea egin ondoren Zumaian itsasoratzen da. Oikiatik aurrera ur gaziekin nahasten hasten da, itsasadar bihurtuz. Meandro handiak eta alubioi-terraza oparoek osatzen dute paisaia, eta Batasuneko Garrantzizko Leku izendatuta dago.
Igo menura
…………………………………….
Babespen mailak
Zumaiako natur baliabide oparoak babestu eta kudeaketa iraunkor bat emateko helburuarekin babespen maila ugari jaso ditu ingurune paregabe honek. Horrela, Europako geoparkeen sareaz gain, Europako Natura 2000 Sarearen barnean, Zumaia eta Deba arteko itsasertza Biotopo Babestua izendatua izan da, Urola Ibaia Batasuneko Garrantzizko Lekua (GBE) da eta Aparteko zuhaitz bezala izendatutako aleak ere aurki ditzakegu.
1-EUSKAL KOSTALDEKO GEOPARKEA (ZUMAIA-DEBA-MUTRIKU)
Deba, Mutriku eta Zumaiako udalerriek Euskal Kostaldeko Geoparke osatzen dute. Geoparke bat ondare geologiko berezia duen lurraldea da eta UNESCOko Lurraren Zientzien atalaren onespena darama, Europako Geoparkeen Sarean (www.europeangeoparks.org) eta Sare Globalean (www.globalgeopark.org) barneratuta dagoelarik. Ekimen honen bidez lurraldea balioan jarri, tokian tokiko garapen iraunkorra sustatu eta zientzia interesa duen eremu bat sortzen du, bertako ondare geologikoa balioan jarri eta gizartearen sentsibilizazioa pizteko helburuarekin. Euskal Kostaldeko Geoparkeak 3 udalerrietako Flysch ikusgarria alde batetik, eta udalerrien barnealdean dagoen paisaia karstikoa bestetik barneratzen ditu. Interes geologikoaz gain, eremuak duen interes arkeologikoa, ekologikoa, historikoa edo kulturala ere balioan jartzen dira. Euskal Kostaldeko Geoparkeak 90 kilometro karratuko azalera du eta 20.000 biztanle inguru barneratzen ditu.
2-DEBA ETA ZUMAIA ITSASERTZEKO BIOTOPO BABESTUA
Itsasoak labarretan higadura bortitza eragiten du. Kosta lerroaren atzeratze azkarrak urradura-plataforma deritzon eremua sortzen du eta itsasbeheran agerian geratzen da. Zumaiakoa, Europako handienetakoa da eta 4.300 Ha ditu. Ingurune honek balio ekologiko handia du eta muturreko bizi baldintzetara (intsolazioa, olatuen indarra, lehortea) egokitzea lortu duten 200 espezie baino gehiagoren bizilekua da. Biotopoaren kudeaketa plana eta araudiaren seinaleztapena gauzatzen ari dira. (+info)
3-UROLA IBAIA, BATASUNEKO GARRANTZIZKO LEKUA
Urola itsasadarrak izen bera daraman Batasuneko Garrantzizko Lekuarekin bat egiten du, eta 102 hektareako azalera du. Bedua inguruan meandro zabal politak deskribatzen dira eta ingurua hegazti migratzaile askoren atsedenleku garrantzitsua da. Santiagoko dunan euskal kostaldean hobekien kontserbatzen den landaretza autoktonoa aurkitzen da. Artadiko basoaren hegal malkartsuak inguratzen du itsasadarra eskuinaldetik.
4-APARTEKO ZUHAITZAK
Ezaugarri bereziak dituzten zuhaitz bakanak ere babesteko aukera dago, hala nola, adina, tamaina, edertasuna edo kokapenagatik. Zumaian aparteko zuhaitz bat dugu, Zuloaga museoko lorategian kokatzen den Montereyko nekosta (“Cupressus macrocarpa”, ez dago Natura 2000 Sarean sartua). Izendapenaren arrazoiak tamaina eta edertasuna dira.
Igo menura
………………………………….






Posterra deskargatu