
Zatoz Flyscha ezagutzera!
Ikuspegi guztietatik da bakarra eta ederra Zumaiako Flyscha. Lurretik, harraldetik edo itsasotik. Geologo adituaren begitik edo haur txundituaren begiradatik. Zatoz Algorri Zentroak publiko guztientzako bisita gidatuetan, itsasontzian edo oinez, ingurune ikusgarri honetako harrietan idatzita dagoen milioika urtetako historia ezagutzera.
……………………………………………
Flyscha, harrizko liburua
Zumaia, Deba eta Mutriku arteko itsaslabar ikusgarri hauek gure planetako historiaren 60 miloi urtetako informazioa kontatzen digute, arroka geruza bakoitza liburu baten orri bat balitz bezala. Ingurune honetan dugun egitura geologikoari Flysch izena ematen zaio.
1-ZER DA FLYSCHA?
Flyscha itsaso sakonean eratutako arroka sedimentarioen sekuentzia da. Geruza gogorrak (kareharria, arbela edo hareharria) eta bigunak (marga eta lutitak) txandakatzen dira bertan. FLYSCH hitza Berhnard Studer suitzar geologoak erabili zuen lehen aldiz 1827an. Alemanierazko “fliessen” hitzetik dator eta bere esanahia “isuri” da.
2-NOIZ ETA NOLA SORTU ZEN?
Duela 100 milioi urte, Iberia eta Europa itsaso batez banatuak zeuden. Zumaia 1000 metroko sakoneran aurkitzen zen. Organismoen mikroeskeleto eta maskor kalkareoek kareharri geruza gogorrak sortu zituzten eta, kontinentetik ibaiek ekarritako buztinek, tupa geruza bigunagoak. Material gogorra/biguna txandakapen ziklikoek klima eta itsas mailaren aldaketak isladatzen dituzte.
3-NOLA ALTXATU ZIREN ARROKAK ITSAS HONDOTIK?
Duela 40 milioi urte Iberia eta Europako plakek talka egin zutenean, indar tektonikoek itsasoaren hondoan metatutako materialak altxatu zituen, Pirinioekin batera. Itzurungo hondartzan ikusten diren turbiditak orogenia aldi honekin erlazionatuta daude.
4-ZER BEREZITASUN DU ZUMAIAKO FLYSCHAK?
Mundu mailako azaleramendu handi eta ikusgarrienetarikoa da eta planetaren historiako bi gertakizun handien giltzak gordetzen ditu: bata, Kretazeo eta Tertziario garaien arteko muga, duela 65 milioi urte dinosauroak suntsitu zitueneko meteorioaren arrastoak gordetzen dituen iridio geruza; eta bestea Paleozenoa eta Eozenoa bereizten dituen muga, duela 56 miloi urte planetan izan den azken berotze azkarra erregistratzen duena. Zumaiako mugak mundu mailako erreferentzia bilakatu dira zientzialarientzat eta horren lekuko dira Itzurungo hondartzan definitu diren estratotipoak: Daniar/Selandiar muga, duela 60,6 milioi urte izandako itsas maila jaitsiera handi batek definitzen duena; eta Selandiar/Thanetiar muga, duela 58 milioi urte Lurraren eremu magnetikoak jasan zuen alderanzketa magnetikoa islatzen duena.
4-ZER IKUSTEN DUGU GAUR EGUN?
Gaur egun, itsasoak arroketan sortzen duen higadura diferentzialak ingurune honetako egitura esanguratsuak eratzen ditu, hala nola: haran eskegiak, ur jauziak eta urradura plataforman ikusten diren taula itxurako egitura bereziak.
Igo menura
…………………………………………………..
Marearteko zabalgunea

Itsasoak labarretan higadura bortitza eragiten du. Kosta lerroaren atzeratzearen ondorioz urradura-plataforma edo harraldea deritzon eremua sortzen da labarren oinean eta itsas beheran agerian geratzen da. Zumaia eta Deba arteko marearteko zabalgunea Europako handienetakoa eta ikusgarrienetakoa da (itsas beheran ia 500.000 metro karratuko azalera geratzen da agerian).
Ingurune hau oso ekosistema aberatsa da, balio ekologiko handia du eta muturreko bizi baldintzetara (intsolazioa, olatuen indarra, lehortea…) egokitzea lortu duten 200 espezie baino gehiagoren bizilekua da. Euskal Herriko kostaldeko ekosistemarik polit, aberats eta konplexuenetarikoa da.
Igo menura
………………………………….
Izendapenak
Zumaia eta Deba arteko Flyschak duen balioa babestu eta kudeaketa iraunkor bat emateko helburuarekin izendapen edo babespen maila ugari jaso ditu ingurune paregabe honek. Horrela, 2007an Paleozenoko barne mugak estratotipo izendapena jaso zuten, 2009an Zumaia eta Deba arteko itsasertzak Biotopo Babestu babespen maila jaso zuen eta 2010ean, estratotipoen urrezko iltzeak (Golden Spike) Itzurunen kokatzeaz gain, Euskal Kostaldeko Geoparkea izendapenaren onespena jaso zen.
1-EUSKAL KOSTALDEKO GEOPARKEA (ZUMAIA-DEBA-MUTRIKU)
Deba, Mutriku eta Zumaiako udalerriek Euskal Kostaldeko Geoparke osatzen dute. Geoparke bat ondare geologiko berezia duen lurraldea da eta UNESCOko Lurraren Zientzien atalaren onespena darama, Europako Geoparkeen Sarean (www.europeangeoparks.org) eta Sare Globalean (www.globalgeopark.org) barneratuta dagoelarik. Ekimen honen bidez lurraldea balioan jarri, tokian tokiko garapen iraunkorra sustatu eta zientzia interesa duen eremu bat sortzen du, bertako ondare geologikoa balioan jarri eta gizartearen sentsibilizazioa pizteko helburuarekin. Euskal Kostaldeko Geoparkeak 3 udalerrietako Flysch ikusgarria alde batetik, eta udalerrien barnealdean dagoen paisaia karstikoa bestetik barneratzen ditu. Interes geologikoaz gain, eremuak duen interes arkeologikoa, ekologikoa, historikoa edo kulturala ere balioan jartzen dira. Euskal Kostaldeko Geoparkeak 90 kilometro karratuko azalera du eta 20.000 biztanle inguru barneratzen ditu.
2-DEBA ETA ZUMAIA ITSASERTZEKO BIOTOPO BABESTUA
Itsasoak labarretan higadura bortitza eragiten du. Kosta lerroaren atzeratze azkarrak urradura-plataforma deritzon eremua sortzen du eta itsasbeheran agerian geratzen da. Zumaiakoa, Europako handienetakoa da eta 4.300 Ha ditu. Ingurune honek balio ekologiko handia du eta muturreko bizi baldintzetara (intsolazioa, olatuen indarra, lehortea) egokitzea lortu duten 200 espezie baino gehiagoren bizilekua da. Biotopoaren kudeaketa plana eta araudiaren seinaleztapena gauzatzen ari dira. (+info)
3-PALEOZENOKO BARNE ESTRATOTIPOAK
Mundu mailako azaleramendu geologikoak aztertu ondoren zientzialariek, garai geologiko bakoitzarentzat adierazgarriena den muga izendatzen dute, Estratotipo izenarekin eta urrezko giltzeekin (Golden Spike). Muga bakoitzerako leku bakar bat izendatzen da. Paleozeno garaiaren barnean aurkitzen diren muga geokronologiko guztiak aztertu ondoren, zientzialariek Zumaiakoak izendatu zituzte adierazgarrienak bezala. Hau da, Zumaiako Itzurun hondartza da, Santelmopekoa hain zuzen, Paleozeno garaiaren mundu mailako erakustokia. IUGS taldeak 2007ko ekainean hartu zuen erabakia eta 2010ean kokatu zituen izendapenaren adierazgarriak, D/S muga (60.5 M.U.) eta S/T muga (58.7 M.U.) hain zuzen ere.
Igo menura
……………………….
Lotura interesgarriak
Atal honetan Flyschari buruzko hainbat erreportai eta dokumentazio interesgarri biltzen ditugu:
· Bideoa: Flysch, haitzen hitza dokumentala (A. Gorritiberea eta A. Hilario)
· Infografia: Deba-Zumaiako labarrak (Naturgaiako infografia didaktikoa)
· Bideoa: Lurraren historia harrietan (Algorri Zentroa, Sut&Blai, ETB1)
· Bideoa: Deba eta Zumaia arteko biotopo babestua (Teknopolis,ETB1)
· Bideoa: Debatik Zumaiara Flyscharen barnetik (Ibil2d, ETB1)
· Biotopo babestuaren eskuorria (EJ-GV)
· Deba eta Zumaiako itsasertzeko Babestutako Biotopoko Natura Baliabideak Antolatzeko Plana (2009)
· GR121 Mendi ibilbidea: Zumaia-Deba
· Baleike: Algorriko iknofosilen bilduma
Igo menura
……………………………….





